Itun Zaharra

Itun Berria

1 Timoteori 4:1-11 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Espirituak argi eta garbi dio, azken garai hauetan batzuek sinesmena ukatu eginen dutela, espiritu liluratzaileei eta deabruen irakaspenei jarraituz;

2. horiek, beren barrua gogorturik duten maisu gezurti itxurazaleez baliatzen dira:

3. hauek ezkontzea debekatzen dute eta zenbait janari ezin dela jan irakasten, nahiz eta janariok egia ezagutu duten sinestedunek eskerrak emanez jateko Jainkoak sortuak izan.

4. Zeren Jainkoak sortutako guztia ona baita eta, eskerrak emanez hartuz gero, ez da ezer baztertzekorik,

5. Jainkoaren hitzak eta gure otoitzak sakratu bihurtzen baitu.

6. Senideei hau irakatsiz, Kristo Jesusen zerbitzari on izango zara, sinesmenaren hitzaz eta jarraitu duzun irakaspen ederraz hazia zarela erakutsiz.

7. Bazter itzazu fedearen kontrako ipuin zentzugabeak, eta saia zaitez jainkozaletasunean.

8. Gorputz-ariketek ezer gutxirako balio dute; jainkozaletasunak, berriz, guztirako balio du, oraingo eta geroko biziaren agintzaria baitu berekin.

9. Hau sinesgarria eta erabat onartzekoa da.

10. Horregatik saiatzen gara lanean eta borrokan, gizon-emakume guztien eta batik bat sinestedunen salbatzailea den Jainko biziarengan itxaropen dugulako.

11. Aholkatu eta irakatsi gauza hauek.

Irakurri kapitulu osoa 1 Timoteori 4