Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5

Itun Zaharra

Itun Berria

1 Pedro 3 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

Senar-emazteen arteko harremanak

1. Zuek ere, emazteok, izan zaitezte zeuen senarren menpeko; horrela, horietakoren batzuek salbamen-mezua onartzen ez badute ere, emazteen jokabideak, eta ez hitzek, salbamenerako irabaz ditzan,

2. zuen jokabide garbi eta errespetuzkoa ikusteak, alegia.

3. Ez arduratu kanpoko edertasunaz: orrazkera, urrezko bitxi eta luxuzko soinekoen apainduraz;

4. baizik eta arduratu ezkutuko bihotz-barruaz, espiritu gozo eta baketsuaren edertasun ustelezinaz, honek balio baitu Jainkoaren aurrean.

5. Horrelaxe apaintzen ziren garai bateko emakume santuak ere, beren itxaropena Jainkoarengan jarria zutenak: beren senarren menpeko izanez.

6. Sarak, esate baterako, obeditu egiten zion Abrahami eta «Ene jauna» esaten zion. Zuek haren benetako alaba izango zarete, ezeren beldurrik gabe, onbidean bazabiltzate.

7. Era berean, zuek, senarrok, jabe zaitezte emakumea izatez bigunagoa dela, eta erakutsi dagokion errespetua elkar bizitzan, hark ere, zuek bezalaxe, betiko biziaren dohaina hartuko baitu. Horrela, ez duzue eragozpenik izango elkarrekin otoitz egiteko.

Kristau-elkarteko barne-harremanak

8. Dena den, izan zaitezte denok gogo eta sentiera bateko, elkarren senide on, errukior eta apal.

9. Ez erantzun gaiztakeriari gaiztakeriaz, ezta irainari irainaz ere, bedeinkazioz baizik, Jainkoak bere bedeinkazioa jasotzeko deitu zaituzte eta.

10. Izan ere, bizia maite duenak , luzaroan bizi eta zoriontsu izan nahi duenak, mihia gorde behar du gaitzetik eta ezpainak engainutik.

11. Gaitzetik aldendu behar du eta on dena egin, bakea bilatu eta haren bidetik ibili.

12. Zintzoengan baititu Jaunak begiak, haien deiak entzuteko adi belarriak; baina gaizkileei aurpegi ematen die Jaunak.

Zorionekoak zuzentasunagatik sufritzen dutenak

13. Nork egingo dizue kalte, zuek beti on egiten saiatzen bazarete?

14. Baina zuzen jokatzeagatik sufritu beharrean gertatzen bazarete, zorionekoak zuek! Ez izan inoren beldur, ez ikaratu!

15. Ostera, aitortu zeuen bihotzetan Kristo Jauna dela, eta egon beti prest zeuen itxaropenaren arrazoia eskatzen dizuenari erantzuna emateko;

16. baina egizue apaltasunez eta errespetuz, kontzientzia garbiz jokatuz. Horrela, Kristoren sinesle bezala duzuen jokaera onaz gaizki-esaka ari direnak beren hitz gaiztoez lotsatuko dira.

17. Nolanahi ere, hobe on egiteagatik sufritzea, Jainkoak hala nahi izanez gero, gaizki egiteagatik sufritzea baino.

Bataioaz Jesusen garaipenaren partaide

18. Kristo bera ere giza bekatuengatik hil zen, eta behin betiko hil ere, errugabea errudunengatik, zuek Jainkoarengana eramateko. Gizakia zenez, hil egin zen, baina Espirituak bizi berria eman zion.

19. Orduan, preso zeuden espirituei salbamena hots egitera joan zen,

20. behinola sinesgogor izan ziren haiei, alegia; Noeren egunetan, ontzia egin bitartean, Jainkoa pazientziaz egon zitzaien zain; baina ontzian banaka batzuk bakarrik, zortzi lagun guztira, izan ziren uretan zehar salbatuak.

21. Ur hura, orain zuek salbatzen zaituzten bataioko uraren irudi zen. Bataioak ez gaitu gorputzeko zikina garbituz salbatzen, Jainkoaren aurrean kontzientzia garbi gordetzeko konpromisoa ezarriz baizik; Jesu Kristoren piztueraren bidez salbatzen gaitu.

22. Hau, zerura igo ondoren, Jainkoaren eskuinaldean dago eta menpean ditu aingeru, aginte eta indarrak.