Itun Zaharra

Itun Berria

1 Korintoarrei 15:4-17 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

4. hobiratu egin zutela eta hirugarren egunean piztu egin zela, Liburu Santuek esan bezala;

5. Pedrori agertu zitzaiola, eta ondoren Hamabiei;

6. gero, bostehun eta gehiago senideri agertu zitzaien batera; haietatik gehienak bizirik daude oraindik, batzuk hil badira ere;

7. gero, Santiagori agertu zitzaion, ondoren apostolu guztiei.

8. Beste guztiei agertu ondoren, neuri ere agertu zitzaidan, garaiz kanpo jaiotako haurra bezalakoa naizen honi;

9. izan ere, apostoluetan txikiena naiz ni, apostolu izenik ere merezi ez duena, Jainkoaren Eliza pertsegitu bainuen.

10. Baina Jainkoak bere onginahiaz egin nau naizen hau, eta haren onginahia ez da fruiturik gabea izan niregan: beste apostolu guztiek baino lan gehiago egin dut, izan ere; ez, noski, nik, baizik eta Jainkoak nirekin bere onginahiaz.

11. Dena dela, bai haiek eta bai nik, horixe da hots egiten dugun mezua, eta horixe zuek sinetsi duzuena.

12. Kristo hildakoen artetik piztua dela hots egiten bada, nola esaten dute zuetako batzuek hilak ez direla pizten?

13. Hilak pizten ez badira, Kristo ere ez dago pizturik.

14. Eta Kristo pizturik ez badago, funtsik gabea da gure predikua eta zentzurik gabea zuen sinesmena.

15. Egiaz hilak pizten ez badira, Jainkoak ez zuen piztu Kristo ere; eta, hori horrela bada, gu ere Jainkoaren lekuko faltsu bihurtzen gara, beraren kontra egiten baitugu testigantza, Kristo piztu zuela esatean.

16. Zeren hilak pizten ez badira, Kristo ere ez dago pizturik.

17. Eta Kristo pizturik ez badago, alferrikakoa da zuen sinesmena: zeuen bekatuetan zaudete oraindik.

Irakurri kapitulu osoa 1 Korintoarrei 15