Itun Zaharra

Itun Berria

1 Korintoarrei 12:4-19 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

4. Era askotakoak dira dohainak, baina Espiritua bat bakarra;

5. era askotakoak zerbitzuak, baina Jauna bat bakarra;

6. era askotakoak egintzak, baina Jainkoa bat bakarra, guztiei egintza guztietara eragiten diena.

7. Era ezberdinean azaltzen da bakoitzarengan Jainkoak ematen duen Espiritua, baina beti denen onerako.

8. Honela, bati jakinduriaz hitz egitea ematen dio Jainkoak Espirituaren bidez; beste bati, Espiritu beraren arabera, ezagueraz hitz egitea;

9. bati, Espirituaren egitez, sinesmen-dohaina ematen dio; beste bati, sendaketak egiteko dohaina;

10. bati, mirariak egiteko ahalmena; beste bati, Jainkoaren izenean hitz egitea; bati, espiritu faltsua eta benetakoa bereiztea; besteari, hizketa arrotzez mintzatzea, eta beste bati, hizketa horren esanahia adieraztea.

11. Hori guztia, ordea, Espiritu bat berak egiten du, bere dohainak nahi duen bezala bakoitzari emanez.

12. Gorputzak, bat izan arren, atal asko ditu, baina atal guztiek, asko izan arren, gorputz bat osatzen dute. Gauza bera gertatzen da Kristorekin ere.

13. Gu guztiok, judu nahiz jentil, esklabo nahiz libre, Espiritu bat beraz izan gara bataiatuak, gorputz bat bakarra egiteko, eta guztioi Espiritu bat bera isuri zaigu.

14. Gorputza, izan ere, ez du atal bakarrak osatzen, askok baizik.

15. Oinak «Eskua ez naizenez gero, ez naiz gorputzarena» esango balu, ez lioke horregatik gorputzarena izateari utziko.

16. Eta belarriak «Begia ez naizenez gero, ez naiz gorputzarena» esango balu, ez lioke horregatik gorputzarena izateari utziko.

17. Gorputz guztia begi balitz, non entzumena? Eta dena belarri balitz, non usaimena?

18. Baina Jainkoak bere tokia jarri zion atal bakoitzari gorputzean, berak nahi bezala.

19. Denak atal bat balira, zer-nolakoa izango litzateke gorputz hori?

Irakurri kapitulu osoa 1 Korintoarrei 12