Itun Zaharra

Itun Berria

1 Joan 5:1-15 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Jesus Mesias dela sinesten duen oro Jainkoarengandik jaioa da, eta aita maite duenak beraren seme-alabak ere maite ditu.

2. Beraz, Jainkoa maitatu eta beraren aginduak betetzen baditugu, ziur dakigu Jainkoaren seme-alabak ere maite dituguna.

3. Izan ere, Jainkoa maitatzea haren aginduak betetzea da. Haren aginduak ez dira astunak,

4. Jainkoarengandik jaio den orok garaitu egiten baitu mundua. Eta munduaren gain garaipena ematen diguna gure sinesmena da.

5. Zeren, nork garaitzen du mundua, Jesus Jainkoaren Seme dela sinesten duenak baizik?

6. Jesu Kristo bataioko uraz eta heriotzako odolaz etorri zen; ez zen uraz bakarrik etorri, uraz eta odolaz baizik. Eta Espiritua da horren testigantza egiten duena, Espiritua egia baita.

7. Hiru dira, bada, testigantza egiten dutenak:

8. Espiritua, ura eta odola, eta hirurok bat datoz.

9. Gizakien testigantza onartzen baldin badugu, are indartsuagoa da Jainkoaren testigantza, eta Jainkoak bere Semearen alde egin du testigantza.

10. Jainkoaren Semearengan sinesten duenak bere baitan du testigantza hori; Jainkoari sinesten ez dionak, berriz, gezurti egiten du bera, ez baitu sinesten Jainkoak bere Semearen alde egin duen testigantza.

11. Hauxe da testigantza: Jainkoak betiko bizia eman digula, eta bere Semearen bidez eman ere.

12. Semea berekin duenak bizia du; Jainkoaren Semea ez duenak ez du bizirik.

13. Zuei, Jainkoaren Semearengan sinetsi duzuenoi, idatzi dizkizuet gauza hauek, betiko bizia duzuela jakin dezazuen.

14. Konfiantza osoa dugu Jainkoarengana jotzeko, ongi baitakigu, bere nahiaren arabera zerbait eskatzen badiogu, entzun egiten digula.

15. Eta, gure eskariak entzuten dituela jakinik, ziur gaude eskuan daukagula eskatutako guztia.

Irakurri kapitulu osoa 1 Joan 5