Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5

Itun Zaharra

Itun Berria

1 Joan 3 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Begira zer-nolako maitasuna izan digun Aitak, Jainkoaren seme-alaba izena eman baitigu, eta izan ere hala gara. Horregatik, mundukoek ez gaituzte ezagutzen, Aita ere ez baitute ezagutu.

2. Ene maiteok, dagoeneko Jainkoaren seme-alaba gara, baina oraindik ez da agertu izango garena. Badakigu, izango garen hori agertuko denean, Jainkoaren antzeko izango garela, den bezalakoa ikusiko baitugu hura.

3. Harengan esperantza hau duen orok garbitu egiten du bere burua, Jesus garbia den bezala.

Bekatuari uko egin

4. Bekatu egiten duen orok gaizki jokatzen du, bekatua gaiztakeria baita.

5. Eta badakizue bekatuak kentzeko agertu zela Kristo, eta harengan ez da bekaturik.

6. Harekin bat eginik dagoenak ez du gehiago bekaturik egiten. Bekatu egiten duenak hura ez duela ez ikusi, ez ezagutu, erakusten du.

7. Seme-alabatxook, ez zaitzatela inork engaina. Jainkoaren nahia egiten duena zuzena da, Kristo zuzena den bezalaxe.

8. Bekatu egiten duena, berriz, deabruarena da, hasieratik ari baita deabrua bekatu egiten. Hain zuzen, honetarako agertu zen Jainkoaren Semea, deabruaren egintzak deuseztatzeko.

9. Jainkoarengandik jaio denak ez du bekatu egiten jarraitzen, mezuaren hazia bere barruan baitu; ezin du gehiago bekaturik egin, Jainkoarengandik jaioa delako.

10. Honetan agertzen da zein den Jainkoaren seme-alaba eta zein deabruarena: Jainkoaren nahia egiten ez duena, hau da, bere senidea maite ez duena, ez da Jainkoaren seme-alaba.

Elkar maitatu

11. Hauxe da hasieratik entzun duzuen mezua: elkar maita dezagula;

12. ez Kainek bezala, Gaiztoarena izanik, bere anaia Abel hil baitzuen. Eta zergatik hil zuen? Beraren egintzak gaiztoak zirelako eta anaiarenak zuzenak.

13. Ez harritu, senideok, mundukoek gorroto badizuete.

14. Guk badakigu heriotzatik bizira iragan garena, eta hau jakin, senideak maite ditugulako dakigu. Maite ez duena heriotzaren menpe dago.

15. Bere senideari gorroto diona giza hiltzaile da, eta badakizue giza hiltzaileak bere baitan betiko bizirik ez duena.

16. Maitasuna zer den, Kristok gure alde bizia eman duelako jakin dugu. Guk ere senideen alde behar dugu geure bizia eman.

17. Norbaitek lur honetako ondasunak baditu eta, bere senidea premian ikusirik, ez badio errukiz laguntzen, nola izan dezake bere baitan Jainkoaren maitasunik?

18. Seme-alabatxook, ez dezagun hitzez eta ahoz maita, egitez eta egiaz baizik.

19. Horrelaxe jakingo dugu egiarenak garela, eta lasaitu ahal izango dugu geure barrua Jainkoaren aurrean;

20. zeren eta, geure kontzientziak kondenatzen bagaitu ere, gure kontzientziaren gainetik baitago Jainkoa eta dena ezagutzen baitu.

21. Ene maiteok, geure kontzientziak kondenatzen ez bagaitu, berriz, uste osoz jo dezakegu Jainkoarengana,

22. eta eskatutako guztia hartuko dugu harengandik, haren aginduak betetzen baititugu eta atsegin zaiona egiten.

23. Hauxe da Jainkoaren agindua: sinets dezagula beraren Seme Jesu Kristogan eta maita dezagula elkar, berak agindu bezala.

24. Agindu hauek betetzen dituena Jainkoarekin bat eginik dago, eta Jainkoa beronekin. Jainkoa gurekin dagoen seinalea hau da: berak eman digun Espiritua.