Itun Zaharra

Itun Berria

1 Joan 2:18-29 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

18. Seme-alabok, azken ordua da. Entzuna duzue antikristoak etorri behar duela. Hara bada, antikristo asko agertu da dagoeneko, eta hori da azken orduaren seinalea.

19. Gure artetik atera dira, baina ez ziren benetan gutarrak. Gutarrak izan balira, gurekin jarraituko zuketen. Alabaina, argi gelditu behar zuen guztiak ez zirela gutarrak.

20. Zuek, ordea, Kristok emandako Espiritu Santua duzue zeuen baitan eta denok ezagutzen duzue egia.

21. Idazten badizuet, ez da egia ez dakizuelako, badakizuelako baizik, eta badakizue egiatik gezurrik batere ez datorrela.

22. Nor da gezurtia Jesus Mesias dela ukatzen duena baizik? Horixe da antikristoa, Aita eta Semea ukatzen dituena.

23. Semea ukatzen duenak Aita ere ukatu egiten du. Semea aitortzen duenak Aita ere berekin du.

24. Zuek eutsi tinko hasieratik entzun duzuen mezuari. Hasieratik entzun duzuenari eusten badiozue, Aitarekin eta Semearekin bat eginda egongo zarete.

25. Eta hau da Kristok egin zigun agintzaria: betiko bizia.

26. Engainatu nahi zaituztetenei buruz idatzi dizuet hau.

27. Baina zuei dagokizuenez, Jesusengandik hartu duzuen Espirituak zuengan irauten du eta ez duzue inork irakatsi beharrik, zeren haren Espirituak dena irakasten baitizue, eta irakaspen hau egiazkoa da eta ez gezurrezkoa. Beraz, hark irakatsiaren arabera, zaudete Kristorekin bat eginda.

28. Beraz, semetxook, zaudete Kristorekin bat eginda, bera agertzean konfiantza osoa izan dezagun, eta etorriko denean, lotsaturik, harengandik urrun geldi ez gaitezen.

29. Hark Jainkoaren nahia egiten duela baldin badakizue, jakizue halaber Jainkoaren nahia egiten duen oro harengandik jaioa dela.

Irakurri kapitulu osoa 1 Joan 2