6. «Bereizi lebitarrak beste israeldarren artetik eta egiezu garbikuntza.
7. Garbikuntza-ohikune hau erabiliko duzu: garbikuntzako urez zipriztinduko dituzu; ondoren, gorputzeko ile guztia moztuko dute eta arropak garbituko. Horrenbestez, garbi geldituko dira.
8. Gero, zekor bat eta dagokion labore-oparia —oliotan oraturiko irin garbikoa— hartuko dute; zuk barkamen-oparitarako beste zekor bat hartuko duzu.
9. Israeldarren elkarte osoa bilduko duzu eta lebitarrak elkarketa-etxolara hurbilaraziko.
10. Han, Jaunaren aurrean, israeldarrek eskuak buru gainean ezarriko dizkiete.
11. Aaronek, aurkezpen-keinua eginez, Jaunari eskainiko dizkio lebitarrak israeldarren izenean, eta Jaunaren zerbitzurako geldituko dira.
12. Gero, lebitarrek eskuak ezarriko dizkiete buruan zekorrei, eta Aaronek lebitarren alde barkamen-ohikunea egiteko eskainiko ditu, bata barkamen-oparitzat eta bestea erre-oparitzat.
13. Aaronen eta beronen semeen aurrean ipiniko dituzu lebitarrak, eta Jaunari eskainiko dizkiozu, aurkezpen-keinua eginez;
14. horrela bereiziko dituzu lebitarrak gainerako israeldarren artetik eta neureak izango ditut.
15. Ordutik aurrera, has daitezke lebitarrak elkarketa-etxolan beren zerbitzua betetzen. Beraz, haien garbikuntza egin eta eskaini egingo dituzu:
16. niretzat bereiziak dira israeldarren artetik eta niri oso-osorik emanak. Israeldarren lehen-semeen ordez hartu ditut,