6. Israeldarrak, beren buruak arriskuan ikusirik, larritu eta leize, hartzulo, haitzarte, babesleku eta putzu-zuloetan gorde ziren.
7. Hebrear batzuk Jordanez beste aldera igaro ziren, Gad eta Galaad lurraldeetara. Saulek, aldiz, Gilgalen jarraitu zuen, berarekin zen jende guztia beldur-ikaraz zegoelarik.
8. Samuelek erabaki bezala, zazpi egunez itxaron zuen; baina Samuel ez zen Gilgalera agertu eta jende guztia sakabanatzen hasi zitzaion Sauli.
9. Orduan, Saulek esan zuen:—Ekarzkidazue erre- eta elkartasun-oparigaiak.Eta erre-oparia eskaini zuen Saulek.
10. Erre-opariaren eskaintza bukatzen ari zelarik, Samuel azaldu zen. Saul bidera atera zitzaion, agurtzeko asmoz.
11. Samuelek, ordea, galdetu zion:—Zer egin duzu?Saulek erantzun:—Jendea sakabanatzen hasi zitzaidala eta erabakitako egunean zu ez zentozela ikusi eta filistearrak Mikmasen bilduak zeudela oharturik,
12. esan dut neure baitan: «Filistearrak etorriko zaizkit orain Gilgalen erasotzera, nik Jaunaren onginahia neureganatu baino lehen». Hala, erre-oparia eskaini beharrean gertatu naiz.
13. Samuelek ihardetsi zion Sauli:—Zorakeria ederra egin duzu! Ez duzu bete Jaunaren, zeure Jainkoaren, agindua; bete izan bazenu, betierean sendotuko zizun Jaunak Israel herrian zeure erregetza.
14. Aurkitu du, ordea, Jaunak bere gogoko beste gizon bat; horixe ezarriko du Jaunak bere herriaren buruzagi, zuk ez baituzu bete Jaunak agindutakoa.
15. Jaiki zen Samuel eta, Gilgaldik, Benjamingo Gibeara igo zen. Saulek zenbatu egin zituen berekin zituen gizonak: seiehunen bat gizon.
16. Saul, beronen seme Jonatan eta biekin zen jendea Benjamingo Gibean zeuden; filistearrak, berriz, Mikmasen, etxolatuak.
17. Filistearren kanpalekutik gudari-talde erasotzaile bat atera zen hiru sailetan: sail bat Ofrarako bidetik zihoan, Xual alderantz;
18. beste sail batek Bet-Horonerako bidea hartu zuen, eta hirugarrenak Tzeboim haran gainean dagoen mugarantz jo zuen, basamortu aldera.