14. Bidez zihoala, Lebi Alfeorena ikusi zuen zerga biltzeko mahaian eseria, eta esan zion:—Jarraitu niri.Lebik zutitu eta jarraitu egin zion.
15. Geroago, Lebiren etxean zegoen Jesus mahaian; bazen beste zergalari eta bekatari asko ere Jesusekin eta honen ikasleekin mahaian; izan ere, asko zihoazkion ondoren.
16. Fariseu lege-maisu batzuek, bekatari eta zergalariekin jaten ari zela ikusirik, esan zieten ikasleei:—Nolatan jaten du zergalari eta bekatariekin?
17. Jesusek entzun eta esan zien:—Ez dute osasundunek behar sendagilea, gaixoek baizik; ez naiz zintzoei dei egitera etorri, bekatariei baizik.
18. Behin batean, Joanen ikasleek eta fariseuek barau-eguna zuten. Jesusengana joan eta esan zioten:—Nola egiten dugu barau Joanen ikasleok eta fariseuok, eta zure ikasleek ez?
19. Jesusek erantzun zien:—Ezteietara deituek egin ote dezakete barau senar berria berekin dutelarik? Senar berria berekin duten bitartean, ezin dezakete baraurik egin.
20. Etorriko zaie, bai, senar berria kenduko dieten eguna; orduan, egun hartan, egingo dute barau.
21. «Inork ez dio jantzi zaharrari oihal gordinezko adabakirik josten; bestela, adabaki berriak jantzi zaharra behartu eta zarratada handiagoa egingo luke.
22. Zahagi zaharretan ere ez du inork ardo berririk sartzen; ardoak zahagiak lehertu egingo lituzke eta, orduan, ez ardo eta ez zahagi. Ardo berriarentzat zahagi berriak!»
23. Behin batean, larunbatez, gari-soro batean zehar zihoan Jesus. Eta ikasleak, bidenabar, galburuak hartzen hasi ziren.
24. Fariseuek esan zioten Jesusi:—Nola ari dira egiten, larunbatez zilegi ez dena?