1. Jaunak esan zion Aaroni: «Zu, zure semeak eta leinuko beste kideak izango zarete santutegiaren aurkako hutsegiteen erantzule; zeuen apaiz-jardueran egindako hutsegiteenak, berriz, zu eta zure semeak bakarrik.
2. Zeure aitaren leinuko senide lebitarrei ere utziko diezu santutegira hurbiltzen eta ondoan izango dituzu laguntzaile, zuk eta zure semeek itun-etxolaren aurrean jardungo duzuenean.
3. Zure eta itun-etxolaren zerbitzura egongo dira; baina ez dira gauza sakratuetara, ez aldarera, hurbilduko, haiek eta zuek hil ez zaitezten.
4. Elkarketa-etxolako zerbitzuan eta hango zereginetan egingo dizute lagun; ez zaizue lebitar ez den inor elkartuko.
5. Zuek beteko duzue santutegiko eta aldareko zerbitzu sakratua; honela, ez da nire haserrea israeldarren aurka piztuko.
6. Nik bereizi ditut zure senide lebitarrak israeldarren artetik, eta niri, Jaun honi, oso-osorik emanak daude, elkarketa-etxolaren zerbitzuaz arduratzeko.
7. Baina zuk eta zure semeek bakarrik beteko dituzue aldarean nahiz errezelaz barrualdera bete beharreko apaiz-jarduerak. Eginkizun hori zuei dagokizue, zuei eman baitizuet apaiz-kargua. Apaiz ez den norbaitek apaizgintzan badihardu, heriotzara emango dute».
8. Jaunak esan zion Aaroni: «Zure esku uzten ditut israeldarrek zor dizkidaten eskaintza sakratu guztiak: zuri eta zure ondorengoei dagokizuen zati dira. Betiko lege izango duzue hau.
9. Opari guztiz sakratuetatik, hau da, israeldarrek eskainiko dizkidaten labore-opari, barkamen- eta ordain-oparietatik nire ohorez erretzen ez dena zuretzat eta zure ondorengoentzat izango da.
10. Gizonezkoek bakarrik jan dezakete opari horietatik, eta toki sakratuan jango dute, guztiz sakratuak baitira.