14. «Norbaitek oharkabean opari sakratuetatik zerbait jaten badu, jan duenaren ordaina eta bosteko bat gehiago itzuliko dio apaizari.
15. «Apaizek ez dituzte profanatuko israeldarrek Jaunari eskainiriko opari sakratuak, berari bakarrik dagozkionak;
16. erru izugarria bereganatuko lukete, opari horiek jango balituzte. Neu naiz Jauna, opariak sagaratzen ditudana».
17. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:
18. «Esan Aaroni, beronen semeei eta israeldar guztiei: Norbaitek, israeldarra nahiz Israelen bizi den etorkina izan, botoren bat betetzeko edo norberaren borondatez egin ohi diren erre-oparietakoren bat Jaunari eskaini nahi badio,
19. abere arra eta akats gabea aurkeztuko du, Jaunak atseginez onar diezaion: zekorra, aharia nahiz akerra.
20. Ez aurkeztu abere akastunik, ez baitizue Jaunak onartuko.
21. «Norbaitek botoren bat betetzeko edo bere borondatez abelgorria nahiz abere xehea elkartasun-oparitzat Jaunari eskaini nahi badio, inolako akatsik gabea eskainiko du, Jaunak atseginez onar diezaion;
22. beraz, ez abere itsurik edo gorputz-atalen bat hautsia duenik, ez zauri zornetsurik edo larruko gaitzen bat duenik. Ez eraman horrelakorik Jaunaren aldarean oparitzat erretzeko.
23. Oparia borondatezkoa bada, zilegi da gorputz-atalak oker dituen zekorra nahiz aharia eskaintzea; baina botoa betetzeko egina bada, ez dizue Jaunak horrelakorik onartuko.