10. Lan-arduradunek eta langilezainek herriari esan zioten: «Faraoiaren aginduz, ez zaizue lastorik emango aurrerantzean;
11. zeuek joan beharko duzue bila, dagoen lekura. Baina lana ez zaizue inola ere gutxituko».
12. Israeldarrak Egipto osoan sakabanatu ziren soroetan lasto bila.
13. Lan-arduradunek estutu egiten zituzten, esanez: «Burutu zeuen egitekoa, egunean egunekoa, lastoa zeneukatenean bezala».
14. Faraoiaren lan-arduradunek, beraiek izendaturiko langilezain israeldarrak zigortzen zituzten, esanez: «Zergatik ez duzue atzo eta gaur osotu ezarritako adreilu-kopurua, orain arte bezala?»
15. Hala, langilezain israeldarrak faraoiari joan zitzaizkion oihuka:—Jauna, zergatik erabiltzen gaituzu honela zeure zerbitzariok?
16. Lastorik ematen ez eta adreiluak egiteko agintzen digute eta jo egiten gaituzte, errua zure herriarena izanik.
17. Faraoiak erantzun zien:—Alfer hutsak zarete! Horrexegatik diharduzue Jaunari sakrifizioak eskaintzera joan behar duzuela esaten.
18. Zoazte lanera! Ez zaizue lastorik emango, baina adreilu-kopuru bera egin beharko duzue.
19. Langilezain israeldarrak estu eta larri zebiltzan eguneroko adreilu-kopurua ez zietela gutxituko jakitean.
20. Faraoiaren etxetik ateratzean, beraien zain zeuden Moises eta Aaronekin topo egin zuten.
21. Langilezainek esan zieten: «Jaunak kontu hartu eta epai zaitzatela, zuen erruz hartu baikaituzte begitan faraoiak eta beronen funtzionarioek: ezpata eman diezue eskura, hil gaitzaten».
22. Orduan, Moisesek, Jaunarengana itzulirik, esan zion:—Jauna, zergatik erabiltzen duzu hain gaizki herri hau? Zertarako bidali nauzu?