1. Herriak, Moises mendian luzatzen ari zela ikustean, Aaronengana bildu eta esan zion:—Ea, egiguzu bidean gidatuko gaituen jainkoa, ez baitakigu zer gertatu zaion Egiptotik atera gintuen Moises horri.
2. Aaronek erantzun zien:—Kendu zeuen emazte eta seme-alabei urrezko belarritakoak eta ekarzkidazue.
3. Kendu zituzten herritar guztiek urrezko belarritakoak eta Aaroni eraman zizkioten.
4. Honek jaso, urrea urtu eta, zizelez landuz, zekor-irudia moldeatu zuen. Orduan, israeldarrek esan zuten:—Hau da zure jainkoa, Israel, Egiptotik atera zintuena!
5. Hori ikusirik, aldarea eraiki zuen Aaronek zekor-irudiaren aurrean, eta honela egin zuen oihu:—Bihar jai eginen dugu Jaunaren ohorez.
6. Biharamunean, goizean goiz jaiki eta erre-opariak eskaini zituzten eta elkartasun-opariak aurkeztu. Gero, otordua egitera eseri zen herria; ondoren, jostatzeari ekin zioten.
7. Jaunak esan zion Moisesi: «Jaitsi zaitez, Egiptotik atera zenuen herri horrek okerrera jo baitu.
8. Laster asko okertu dira agindu nien bidetik. Zekor-irudia egin dute, eta haren aurrean ahuspeztu dira eta opariak eskaini dizkiote, esanez: “Hau da zure jainkoa, Israel, Egiptotik atera zintuena!”»
9. Jaunak esan zion, gainera: «Ikusia dut zeinen burugogorra den herri hau!
10. Uztazu, bada: nire haserre-suminez garbitu egingo ditut, eta zuregandik herri handi bat sorraraziko».
11. Orduan, Moisesek, bere Jainko Jaunaren sumina baretu nahiz, esan zion: «Jauna, nola jarriko zara, bada, haserre-sutan, hain ahalmen handiz Egiptotik atera duzun zeure herri honen aurka?
12. Hara zer esango luketen egiptoarrek: “Asmo txarrez atera zituen Jainkoak, mendian hilarazteko asmoz, lurrazaletik ezabatzeko”. Ezti ezazu zeure haserre-sumin hori, egizu atzera herriari halako kaltea egitetik.
13. Gogora itzazu Abraham, Isaak eta Jakob zeure zerbitzariak eta haiei eman zenien zin-hitz hau: Zuen ondorengoak zeruko izarrak bezain ugari egingo ditut, eta zuei agindu dizuedan lurralde hau betiko ondaretzat emango diet».
14. Hala, Jaunak atzera egin zuen bere herriari egindako mehatxutik.