4. eta esan zion Jaunak: «Zoaz Jerusalem hiri osoan zehar, eta egin T itxurako ikur bat bertan egiten diren higuingarritasun guztiengatik intziri eta negar egiten dutenen bekokian».
5. Eta besteei zera esaten entzun nuen: «Ibili hirian berorren atzetik eta egin triskantza errukirik gabe, ez barkatu inori.
6. Agureak, neska eta mutil gazteak, haur eta emakumeak, hil eta garbi itzazue denak; baina ez ukitu T ikurra daraman inor. Santutegitik hasiko zarete». Eta hala, tenpluaren aurrean zeuden agureengandik hasi ziren.
7. Gero, agindu zien: «Kutsatu tenplua, atariak hildakoz betez… Zoazte!» Irten eta ekin zioten triskantzari hirian.
8. Haiek horretan ari ziren bitartean, bakarrik gelditu nintzen; ahuspez erori eta oihu egin nuen: «Ai Jainko Jauna! Israelen bizirik gelditutako guztiak suntsitu behar al dituzu Jerusalemen aurka zeure sumina isuriz?»
9. Esan zidan: «Israel eta Juda herrien errua handia da, izugarria; hilketaz betea dago herria, eta hiria bidegabekeriaz; esaten dute: “Jaunak bertan behera utzi du herrialde hau; ez gaitu Jaunak ikusten”.
10. Beraz, ez diet errukirik izango, ezta barkatuko ere. Beren jokabidearen ordaina emango diet».
11. Orduan, lihoz jantzitako gizonak, gerrian idazteko tresnak zituenak, etorri eta jakinarazi zion: «Bete dut agindu zenidana».