1. Jaunaren indarra nitaz jabetu zen; beraren espirituak hartu eta hezurrez betea zegoen haran baten erdian utzi ninduen.
2. Batera eta bestera ibilarazi ninduen haran guztian zehar: hezur-pila izugarria zegoen, guztiz ihartuak.
3. Esan zidan Jaunak:—Gizaseme, bizi ote daitezke hezur hauek berriro?Erantzun nion:—Jainko Jauna, zeuk jakingo duzu!
4. Esan zidan:—Hitz egin nire izenean hezur horiei eta esaiezu entzuteko Jaunaren hitza.
5. Hau diotset nik, Jainko Jaunak, hezur ihartu horiei: Bizi-arnasa jarriko dut zuengan, bizi zaitezten.
6. Zainez inguratuko zaituztet, haragia eratuko dut zuen gainean, larruazalez jantzi eta bizi-arnasa emango dizuet, bizi zaitezten; orduan jakingo duzue ni naizela Jauna.
7. Hitz egin nuen Jaunaren izenean berak agindu bezala, eta hitz egin bitartean hots bat izan zen: lurrak dardara egin zuen eta hezurrak bata bestearekin elkartzen hasi.
8. Gainean zainak eta haragia zituztela ikusi nuen, eta larruazalez estaltzen ari zirela; baina ez zuten bizi-arnasarik.
9. Esan zidan Jaunak: «Hitz egin nire izenean bizi-arnasari; hitz egin, gizaseme, eta adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua: Bizi-arnasa, zatoz lurraren lau aldeetatik eta haize eman gorpu hauei, bizi daitezen».
10. Agindu bezala hitz egin nuen. Bizi-arnasa sartu zen hezurretan, bizira itzuli ziren eta zutik jarri: ikaragarrizko gudaroste baten antza zuten.
11. Esan zidan Jaunak: «Gizaseme, hezur horiek Israel herri osoa dira. Hau diote: “Gure hezurrak iharturik daude, galdua dugu itxaropena. Egin du gureak!”